lunes, 1 de diciembre de 2008

Alzheimerra eta beste dementzia batzuk

07/12/28
Azken hamarkadetan bizi-itxaropena izugarri handitu da eta, horren ondorioz, jende asko zahartzarora ailegatzen da. Beraz, ugaritu egin dira zahartzaroan sortzen diren gaixotasunak, besteak beste, dementzia. Dementzia sindrome bat da, hots, sintoma multzo bat, adimenaren goi mailako funtzioak hondatzen dituena. Funtzio horiek dira pentsatzea, oroitzea, ikastea, hitz egitea, antolatzea… hau da, horien bidez bizi garen inguruari egokitzen gatzaizkio. Horrenbestez, dementziak eragiten du norberaren inguru sozialean eta lanean egoki eta autonomiaz baliatzeko gaitasuna galtzea. Alzheimerra, dementzia baskularra, Lewyren gorputzen dementzia dira, ordena horretan, dementzia maizenak.Jende asko nahasten da pixka bat, honetan edo hartan, edo oroimeneko hutsak ditu, are gehiago adinekoa denean. Batzuetan nahaste horiek dementzia bihurtuko dira, hau da, norberaren autonomia itzaltzera ailegatuko dira. Orduan mintzatuko gara garun gaixoez. Garun horietako neuronak hil egiten dira edo ez dute dagokien zeregina betetzen, kaltegarri bihurtu den garuneko substantziaren bat gehiegi biltzen dutelako (alzheimerrean proteina amiloidearen agregatruak, LGD-n proteina alfasinukleinaren agregatuak) edo garunera odol aski ailegatzen ez delako (dementzia baskularra), edo bi arrazoi horiengatik.Alzhimerrean gehienbat oroimena galtzen da, baita gauza berriak ikasteko gaitasuna ere. Orientatzeko edo hitz egiteko zailtasunak izaten dira. Larria ez denean , ez dago gaixotasunaren kontzientziarik. Bilakaera geldoa baina etengabea du. Dementzia baskularrean zailtasunak daude gauzetaz oroitzeko, ekintzak antolatzeko, konparazio batera egunean zehar egin behar dena, erosketen zerrenda, ordena…; gauzak egiteko indarra galtzen du gaixoak; geldotasunez ibiltzen da eta pentsatzen du. Dementzia baskularra eta Lewyren gorputzen dementzia dutenei nahastea sortzen zaie oinez ibiltzean, mugimenduak baldar eta geldo egiten dituzte, besoetan eta hanketan zurruntasuna nabaritzen dute, dardarizoa ere bai. Zenbaitetan nahasiak, zenbaitetan buruargi egon ohi dira eriak.
CARMEN ETXABARRI, JOSEFINA ARREGI KLINIKA.

No hay comentarios: